Udazkena beti da urtaro fotogenikoa. Udako itsas paisaiak alde batera utzi eta baso eta mendiak bihurtzen dira argazkigai. Urri-Azaro bitarte hori kolorez jazten da. Gorriak, laranjak, hori, okreak, kolore bizi hauek denak agertzen dira eta argazkietako hizketagai izango dira argazkigintzari lotutako sare-sozial eta bestelakoetan.
Hala ere, badira zenbait puntu kontutan eduki beharrekoak: ez da berdina goizez edo eguerdian argazkiak ateratzea; ezta oskarbi edo lainotuta denean ere; eta behelainotan eguzkitan bilatuko ez genituzkeen formak topatuko ditugu.
Egunsentia eta oskorria
Eguneko momentu hauetan baso barneko zein kanpoko argazkiak bilatu daitezke. Ezinbestekoa tripodea! Baso kanpoko edo pasaiako argazkietan, udazkeneko koloreak oraindik eta deigarriagoak bihurtuko dira; behelainoarekin nahastuz gero zer esanik ez. Baso barnean hostoek eta batez ere zuhaitz arteko airea kolore irrealez beteko da. Ikustekoa da!
Goiza eta arratsa
Eguerdira gerturatuz joan ahala, baso barneko argazkiak zailagoak bihurtzen dira argi-itzal arteko kontrasteen ondorioz; gure begiek ongi ikusten dutena, kamerak ez du hain ondo harrapatzen. Kasu hauetan, eguerdira hurbildu ahala, hobe kanpoko argazkiak bilatzea.
Aprobetxatu goizeko argi xaloa eta arratsekoa, batez ere albotik sartzen denean argia.
Eguerdia. Alperren ordua
Kanpokoak bakarrik.
 |
| Eguerdiko argiak zerua erre digu guztiz. |
Euria ari duenean
Euria inkordioa bihurtzen da, badakigu. Kristalak busti egiten dira, tantanak agertzen dira argazkietab, erropa bustitzen zaigu... Baina, bere alde ederra era badauka; koloreak eguzkiarekin baino biziagoak gordetzen dira, batez ere polarizatzailearekin laguntzen badugu.
Hori bai, gure materiala zaindu beharra daukagu!
Behelaino artean
Behelainoa eta udazkena bat datoz. Kanpoko argazki ikusgarriak egiteko balio badigu ere (mendiak laino artetik agertzen, behelaino itsasoak bailaretan...), batez ere barneko argazkietako oso baliagarria da. Arrazoi soil batzuekin agertuz:
 |
Behelainoak misterio kutsua eman dio
eta argi ilintiak harrapatu ditu hosto artean.
Horretaz gain, forma soilak bihurtu ditu enborrak. |
- Soberan dauden elementu hoiek ezkutatzeko balioko digu.
- Bolumena eta sakontasuna ematen dio basoari.
- Zeruko argi erretzailea saihesten du.
- Behelainoak kolorerik ez izatean (egunsenti-oskorrietan izan ezik), basoko orbel, goroldio, garo, hosto etabarren koloreei protagonismo gehiago emango die.
- Formekin jolasteko aukera gehiago ematen du.
- Toke misteriotsu eta mistikoak lortu daitezke.